XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

-Bat ere ez, esango nuke nik sofapetik zapatilak batu eta jantzi egin nituen.

Logelara noa -iragarri nuen jangelatik logelarako norabiderantz irten nintzenean.

Iñaki altxatu eta atzetik etorri zitzaidan.

- Hitz egiteari uko egiteagatik ez duzu problema soluzionatuko -esan zuen halako batean nire neba atsegin horrek, aitarekin eztabaidan aritzen denetan gure amak esaten duen esaldi bat literalki kopiatuta.

- Esaldi hori ez da zurea -erantzun nuen, logelako atea irekiz.

- Baina egia da.

Logelara sartu nintzen eta Iñakik jarraitu egin zidan. Ohean etzan nintzen eta, ilunpean, begiratu gabe, Unplugged in New York konpaktua konektatu nuen.

Azken bi egunetan gutxienez ehun bat bider entzun nuen.

-Ez dakit nola entzun dezakezun beti hori -esan zuen Iñakik aulkian eseriz, Matematika eta Fisika eta Kimika liburuak zain neuzkan idazmahaiaren aurrean. Egun askotan ireki gabe zeuden.

-Aspaldian ez duzu ezer ikasi -esan zuen Iñakik liburuak ikusita.

Hormarantz bueltatu nintzen, bizkarra emanda.

Horixe besterik ez nuen entzun behar: zer eta nebatxoa errieta egiten gehiegi ikasten ez nuelako.

- Tira, Sandra, ez izan umea -esan zidan erantzun nahi ez niola konturatu zenean.

Ez nion erantzun. Baina Iñakik hizketan jarraitu zuen. Ikaragarri gustatzen zitzaion erretolikan aritzea, batez ere harira etortzen ez direnean.